Duela egun batzuetatik hona dugu ahoan monotema: koronabirusa. Eta normala da, bizitzen ari garen hau ezohikoa delako; gurean behintzat.
Egoera honek hainbat afera mahaigaineratu ditu, eta klase desparekotasuna agerian gelditu da. Neurriak hartu dira, berandu nire ustez, modu progresiboan, ekonomia gune garrantzitsuenak babesteko, argibide gutxi emanaz autonomoei, besteak beste, horiek izanen direlarik, ziurrenik, honako egoera gehien pairatuko dutenetakoak.
Batasunaz eta espainiako naziotasunaz egin den aldarria pandemia honi aurre egiteko, oportunista eta lekuz kanpokoa izan da, areago kontentzio neurriak ttanttaka iritsi zaizkigunean. Eta kaleak hustu bai, lana etxetik egiteko kontsigna bai, baina jardun produktiboan dabiltzanak lanera. Oinarrizko zerbitzuak ezinbestekoak dira, noski, baina zenbateraino jartzen den balantzan gaur egungo merkatu ekonomikoa osasunaren eta norbanakoaren bizitzaren aldean, horri so egitea da interesgarria.
Hala eta guztiz ere, krisi honetatik lezioak ere aterako ditut, hemen zerrendatuko ez ditudanak, eta topikoa dirudien arren, ditudan gauzen balioan pentsarazi dit. Eta ez ditut ahazten pandemia honek era bikoitzean kolpatuko dituenak, bizitzen zainketa lanetan daudenak, baliabiderik ez dutenak. Pankartetan ikusi ahal izan dugun bezala, herriak bakarrik salba baitezake herria.