Zerk atxikitzen gaitu euskarara? Galdera hori bera da menderakuntzaren erakusle, diskurtso hegemoniko bati erantzun nahi diona, arrazoiak bilatu behar baititugu beti justifikatzeko zergatik bizi nahi dugun euskaraz. "Hala nahi dudalako eta kitto!" Gustatuko litzaidake erantzutea, argudio zerrenda zabal bat eman nezaken arren, baina egoera ez pribilegiatu batean halako arrazoiketak ezerean gelditzen dira.
Altxor bat dela, hizkuntza zahar bat, kognitiboki abantailak dituela ikasteak, lan munduari begira aukerak... Horrek garrantzia du, baina sentimenduekin erlazionaturiko guztiak ere bai, zergatik bestela erabakitzen dugu euskaraz aritzea? Argudiatu behar badut, horretan pentsatzen dut; niretzat ez da erraza, aitortu behar dut.
Euskarazko eskolekin egin dutena katastrofe bat da, ezagun batek liokeen moduan, haurrak euskalduntzeko oso gune garrantzitsuak direlako, eta hala izanda ere, ez dute bermatzen etorkizuneko hiztunak izanen direnik. Ni, txikitatik euskaraz aritu naizela, zenbat gabezia ditudan ohartzen naiz, eta amorratzen nau, eta nahi dut euskaldunok hizkuntzaren baliabide guztiak ikas ditzagun. Hala nahi dut, eta kitto.