Grebaz

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2020ko ots. 3a, 15:14

Argazki esanguratsua utzi zuen urtarrilaren 30eko greba orokorrak. Gutxienez, nabarmen gelditu zen euskal gizarteak mobilizatzeko duen gaitasuna. Aldarriak argiak, zilegiak eta beharrezkoak dira. Lan baldintza, bizitza eta pentsio duinak, bere osotasun guztian, azken norbanakoak prekarietatea gainditu arte. 

Nire aitarengan pentsatzen dut, bizitza osoa lanean, eta laster erretreta hartuko duena gutxieneko pentsio batekin. Edo aitona zaintzen duen emakumearengan, 10 urte igarota langabeziarik izanen ez duena lanik gabe geldituz gero, esateke baitago zaintza lan horrek suposatzen duen zama emozionala eta esplotazioa. Eta niregan, nahiz eta uste dudan aldi baterako baldintza onak ditudan, ezjakintasunez bizi dut ondoren etorriko dena. Egunerokoan normalizatzen ditugun egoerak dira.

Eta ez, ez dira bidezkoak, eta jakin badakit beste batzuen aldean pribilegio asko ditudala, zer edo zer gertatuz gero babestuko nauen familia bat dudala atzean. Hori hala izanik ere, nigatik bakarrik ez, gainontzekoengatik atera nintzen kalera pasa den ostegunean.

Uler ditzaket ere greba ezin dezaketenak egin. Buruan sartuko ez zaidana da, ordea, greba egin ez eta aurka daudenei mesede egiten dietenak, kontsumoaren katean parte hartuz, esaterako. Irudipena dut batzuetan gaur egungo borrokak postureo deritzonaren izaera hartu duela piska bat, eta konpromisoa oso aldizkakoa bihurtu dela indibidualtasunaren apologia egiten den honetan. Urrutiegi joan gara horretan, eta beharbada kolektiboaren indarra mahaigaineratu behar dugu berriz, konpromisoa hain etereoa izan ez dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!