Mila esker

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2019ko aza. 25a, 15:46

Zenbat eta zenbat aldiz abestu izanen dugun Gelaneuria, zenbat eta zenbat oroitzapen, eta asteburuan hura hastearekin egin ziguten gainezka emozioek, ia arnasa hartzeko tarterik utzi ez zigun kontzertu hori, abesti bat bestearen segidan, gelditu gabe. Saltoka,besarkaka, ohiuka, ahal genuen bezainbeste, hain barrenean sentitzen ditugun letrekin eta musikarekin bat egiteko, erraiak husteko, ahots kordak urratzeraino.

Zaila da esplikatzen asteburuak utzi zigun emozioen zurrunbiloa. Ez bakarrik Berri Txarrak taldeak herri honi eman dionagatik, hainbeste uneren edota injustizien bozgorailu izateagatik, euskara lau haizetara zabaltzeagatik, eta inoiz ez egiteagatik uko euren esentziari, humiltasunetik. Lagunarteko une guztiengatik ere bai. Ez dakit erraten zenbat kontzertutan izan garen, askotan bai, hemen eta han, Iruñea, Girona, Bartzelona... ez beharbada beste batzuk bezainbeste, abantaila baitute gu baino hamar urte helduagoak direnek. Berri Txarrakek ere badu hori, belaunaldien arteko haria ere badela.

Guretzat, jarraitzaileontzat, hain zaila bazaigu agur erratea, ez dut imajinatu nahi nola izanen den gaur hirukotea. Uste dut, halaber, agur hau, etenaldi mugagabe hau ere badela Berri Txarrak taldearen esentzia, euren handitasunean humiltasunak ezaugarritzen dituelako. Nork uzten ditu eszenatokiak musika ibilbidearen unerik gorenenetakoan? Bada, Berri Txarrakek. Horrek ere egiten du berezia taldea. Eta nork daki zer etorriko den!

Kontzertuaz jada dena erranda dago, izan ziren puntako une guztiak, horiek bereizterik baldin bada. Maravillas abestian, esaterako, nola argiztatu zuten jarraitzaileek Nafarroa Arena. Azken aldiz kontzertuan entzun genuen kantu bakoitzaz zerbait aipa liteke. Mila esker erratea bakarrik ez zait gelditzen, mila aldiz mila esker.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!