Behin, Balochistaneko batekin egin nintzen lagun. Orduan konturatu nintzen aurreiritziz josirik nengoela.
Askotan hitz egiten dugu kultura aniztasunaz, errespetuaz, integrazioaz eta halako hitz potoloez gizartearen sektore progreetan. Hitzetatik errealitatera alde handia dago, ordea. Teoria ongi jakin arren, horrek ez du bermatzen praxia. Bidaiatzeak, asko-asko irakurtzeak edota diskurtso koherente eta solidario bat garatzeak ez dut uste barneratutako arrazismoa konponduko dutenik norbanakoekin aurrez aurre gaudenean.
Gizartean banandurik jarraitzen dugu, ez gara normalean kanpotarrekin nahasten eta ez dugu saiatu nahi ere ez. Aparteko ahalegin bat eskatzen baitigu, akaso, errespetuaren eta inklusioaren ideia horiek ez baitira hain errez aplikatzen.
Bartzelonak eman zidan gauzarik politenetakoa izan zen nazioarteko jendearekin elkartzea. Ez ondoko herrialdetakoekin, baizik eta gatazka egoeratatik edota hirugarren mundua deitzen zaion horretatik zetozenekin. Eurek jakin ez arren, aurrez aurre jarri ninduten nire aurreiritziekin eta kontraesanekin. Ikasi nuen ez nituela zertan epaitu behar niri desegokiak iruditzen zitzaizkidan jarrerak, hobe nuela ulertzen saiatzea; eta, batez ere, entzutea.
Haiei zor diedanerako ez ditut nahikoa esker hitz. Badakit ez dela zilegia nire esperientzia pertsonala gizarte osora estrapolatzea, baina uste dut aldarrikatzen dugun aniztasun hori egikaritu dadin ariketa sakon bat egin behar dugula, denontzako izanen baita aberasgarria.