Festa baten biharamunean elkartu gara lagunak konturatzeke pasatzen den asteburuari segida emateko, geure artean iragaten ditugun une horiei eusteko, edo ajeak utzitako aldarte sentibera ezkutuan gera dadin.
Ordu luzez izan gara hizketan, honetaz eta hartaz, big banaz eta bizitzaz, erlijioez eta zientziaz, gai bat bestearen segidan kateatuz; lasaitasunean, nekatuegi norberaren iritziaz borrokatzeko. Aspaldi erabaki nuen eztabaidatan indarrak neurtzea; nire burua zaintzea uneoro batailan izatea baino. Alde handia dago, gainera, entzun nahi zaituenaren eta haren ikuskera inposatu nahi dizunaren artean. Bada, entzule gaude lagunak biharamunean.
Hainbeste gai existentzialen artean iritsi da guraso izatearenera. Tarteka solasten gara horren inguruan, nahiz eta gutako inork ez duen seme-alabarik izanen denbora laburrean. Nahi izanik ere, ezinezkoa litzateke egun ditugun lan eta bizi baldintza prekarioetan. Gainpopulazioaren afera mahaigaineratu da, mundu honetan jada gizaki gehiagi garela. Zertarako bizi berria sortu pikutara doan, edo daramagun, mundu honetan?
Ez naiz eztabaidan sartu eta utzi dut gaia pasatzen. Banago ni, ordea, ez dagoela munduaren suntsiketaren gakoa gainpopulazioan. Milaka espezierekin batera bizi gara munduan, kopuruan gu baino askoz ere gehiago direnak. Nola bizi garen da arazoa, gainontzeko bizitzekiko eta ingurumenarekiko ardurarik gabe. Sortzen dugun arrastoa geure begibistan ez egonagatik, ez du erran nahi desagertu denik. Nik erranen nuke ez garela gizaki gehiegi, baizik eta bizi eredu kaltegarriak ditugun gizaki kopuru handia baizik.