Ilusioz eta urduritasunez bizi nuen Espainiako kongresurako eta senaturako bozen eguna. Azken hamarkadatako hauteskunde garrantzitsuenak zirelakoan hitz egiten zuten hedabideek, edo sentsazio hori izan dut nik, behintzat. Beti egiten da bozkatzera joateko deia, baina aldi honetan eskuinik zakarrena eta atzerakoiena geldiarazteko beharrezko eginkizun bezala adierazi dute ezkerreko alderdiek, orokorrean. Egia esan, beldurgarria da ireki duten eskenatoki berria, zeinean trifatxitoak inpunitate osoz darabilen diskurtso misogino, homofobo eta xenofoboa. Ezkerreko hainbat sektoretatik aldarrikatu den abstentzio aktiboaren aurrean, edota bozkatzera joateko interesik ez dutenei zuzendurik, beste ekimen batzuk sortzen ikusi ditut, hala nola, hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik ez dutenei bozka delegatzekoa. Eskuinak gobernatuko balu bozkatzeko eskubiderik ez duten haiek izanen liratekelako lehen biktimak, bazterrean eta egoera oso prekarioetan bizi diren horiek. Herritarrok politika egiteko aukera anitz ditugu eta egunerokoan dugu gakoa. Asanbladatan biltzen, kalera ateratzen, zilegi dena aldarrikatzen eta elkar zaintzen jarraitu behar dugu, baina instituzioak betetzen ere bai. Espainiako gorteetara bozkatzea ez da izango Euskal Herrian landu beharreko auzien soluzioa, baina bada urratzeko bide bat.
Lagun artean iragan genuen eguna, bozatu osteko bermutean eta arratsaldeko hitzorduan, zenbaketa jarraitzeko. Gure ilusioa eta nahiak EH Bilduk Nafarroan atera zezakeen eserleku horretan zegoen eta argi gelditu izanen zitzaien tabernan gure inguruan zeudenei, bihotzekoak emateko moduko zenbaketak asaldatuta gintuelako. Ez genuen lortu; harro, ordea, hautagaitzagatik. Marotok Arabako eserlekua galdu izanak nolazpaiteko zapore gazi gozo hori gozotu zuen piska bat. Eta, nola ez, Espainiako hiru alderdi eskuindarrek ez dutela ordezkaritzarik Euskal Autonomia Erkidegoan.
Zurrunbilo horretan PSOEk irabazi zuela, PPren gainbehera, baita Unidas Podemosena ere, Ciudadanosen igoera, VOXen estreinua... Okerragoa izan liteke Espainiako kongresuko panorama, edo hori uste dut pentsatu genuela denok. Egia dena da konfiantza gutxi diogula Espainiako Gobernuari, GALen partidua dela buru, diskurtso ezkertiarrago bat nahi duena bereganatu, baina uko egin gabe Ciudadanosekin elkartzeari. Eta jakin badakigu hasieran PSOEk zerbaiti ezekoa eman arren, erabakiz aldatzeko ez duela inongo erreparorik. Mapa politikoa ez dirudit lasaigarria. Gu kontzentratuago geunden atzo Bel Madrilen ikusiko genuen edo ez, duintasunaren eta elkartasunaren isla baita, eta ezer gutxi espero dezakegun organo batean berak gu ordezkatzea garaipen bat zen guretzat. Ilusioa zapuztu digute oraingoz, baina, tira, oraindik badago zer egin. Maiatzeko hauteskundeetan ilusioa berreginik joanen naiz bozka ematera, nahiz eta badakidan borroka ez dela (bakarrik) hori.