Klika euskara

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2019ko api. 1a, 16:53

Ostegunean ekinen diogu Euskal Herriko ekimen handienetako bati; 21. Korrikari, alegia. Euskararen alde milaka lagun batuko gara eguneko edozein ordu delarik ere, ibilbidea musikatzen eta korrikalariak martxari eusteko engaiatzen dituen furgonetari jarraitzen.

Pozak eta gogoek gainezka egiten digute aurrekoei lekukoa hartzen diegunean eta nolabaiteko harrotasuna sentitzen dugu Korrika gure herritik iragaten denean, hor jarri ohi baitu bakoitzak bere harri koxkorra. Une horretara heltzeko prozesua ez da gutxiagokoa. Korrikaren baitan antolaturiko ekintza guztiek sortu digute grina.

Euskaldunok batzen gaituen gertakaria da Korrika, euskararen egoera hain anitza den lurraldean; ekimen itzela, gure hizkuntzaren alde. Sortzen duen ilusioa euskara erabiltzearen ohituran bilakatuko balitz, aurrera pausu handi bat emanen genuke normalizazioan eta zabalkundean.

Kendu behar ditugu lotsak eta euskaraz zuzen eta jator hitz egitearen presioa. Pixkanaka handitzen ahal dugu erabilera gure egunerokoan, eroso sentitzen garen eremuetan. Ohitura aldaketak ez dira egun batetik besterakoak, pixkanakako ahalegin konstantea eskatzen digu. Ahalegin hori, ordea, aberastasun iturri bihurtuko da ohartzeke. Ez dago formula magikorik euskaraz ikasteko edo erabilera handitzeko, mingainari eragitea baino, eta hori guztiok egin behar dugun hautua da, klika euskara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!