Aurrekoan komentatzen genuen nola zuk zeuk baino inguruak oroitarazten dizula heldu egiten ari zarela, txarra den zerbait izanen balitz bezala eta nola gazteok saiatzen garen gaztetasun horri heltzen gazte garela errate soilagatik.
Gazte izatea zer den ez dakigu, baina badakigu zer ez den. Ezagutzen dugu jendea gaztetatik zaharturik dagoena, eta alderantziz ere bai. Jarrera bat da, beraz, gazte izatea, adin tarte bat baino gehiago. Hor dugu duela hiru urte zendu zen Periko Solabarria, “beti gazte”.
Dena den, nik zahartzaroa balioetsiko nuke, gaztetasunaren izenean egin zaion mespretxuagatik. Badirudi ere, gero eta helduagoak garenez gero, uko egin behar diogula gazte gareneko jarrera eta ekintzei. Pentsio plan batean sartzeko mezuak ere jaso ditut. Nola, bada, ez badakit hemendik hiru hilabetera zertan ariko naizen.
Aldi berean, pentsatzen dut erabakiak hartzeko garaia dela, nondik jo nahi dudan aukeratzekoa, eta, onartu nahi ez dudan arren, nolabaiteko presio bat sumatzen dut, jakinda eragin beharko ez lidakeela, baina ekidin ezinik.
Halako nahas-mahasa da gazte edota heldu izatea, gaztetasunari heltzea heldutasunera heltzen ari zarela gogorarazten dizun inguruan, nahiz eta gazte-gazte-edo sentitu. “Gaztheldu”, hitzokei.