Nonbait irakurri nuen atzerrira joatea bezain zaila, edo zailagoa, dela itzultzea. Zure lekua berriz topatu beharrean zaude, betidanik zuri egokitu zaizun edo dizuten eskema baten baitan. Identitateak hain aldakorrak diren garaian, zure ustezko leku natural hori eta zu ez zatozte bat. Zure ardura da kanpoan izandako bizipen guztien bidez eraiki duzun "zu"a ezer ez gertatu ez balitz bezala hartuko zaituen errealitatera egokizea. Zaila da pertsonei, lekuei, hiriei agur erratea eta erabakitzea hainbeste eman eta, aldi berean, kendu dizun etapa bat amaierara iritsi dela. Agur hiri handiko noraezari, manifestazio eta elkartasun keinu erraldoiei, gaualdi luze eta bereziei, maite duzun jendeari.
Etxera itzultzea, ordea, normalean izaten da zorion iturri. Hiru urtetatik, eta lehenagotik ere, dituzun lagunek eginen dizute agurra goxoagoa. Denbora guztiontzako iragan baita eta asko baitiozue elkarri kontatzeko. Mahai baten bueltan ordu luzez zaudetela, eurengatik harro sentituta begiratuko diezu, zu itzuli izanaren arrazoi nagusietako bat direlako; betikoak. Jakin ez arren, nostalgia arinduko dizute gutxinaka eta tristuraz baino, zorionagatik nahiko duzu egin negar. Baikoitzak ahal duen moduan egiten dio aurre bere uneko dramari eta nik pentsatu nahi dut beti izan dudan leku horretan hasiera berri baten aurrean nagoela.