Sasi-albisteak

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2018ko abe. 10a, 18:24

Andaluziako hauteskundeek gizartea astindu zuten, ez ote diren etorkizuneko iragarpena. Voxek 12 diputatu lortu izanak beldur eta harridura erreakzioak eragin zituen, Europan azken aldian gertatzen ari denak bat batean larrituko bagindu bezala. Guztion mintzagai dena ekarri dut horregatik gaur hona.

Bestetik, eskuin muturraren igoera zerk eragin duen azaltzeko irakurketa asko egin daitezke. Sareetan horren erantzule nor den seinalatzen ibili dira asko, mugimendu bat ala bestearen errua den, feminismoak langile klasea banatzen duela, horren ondorio delarik hauteskundeetako emaitza eta beste hainbeste akusazio.

Errua mugimendu bati egozteak ez du, nire ustez, ezertarako balio; sinplista da eta ez ditu azaltzen Voxen igoerari mesede egin dioten bestelako arrazoi guztiak. Kontuan hartu behar da, datuek erakusten dutenaren arabera Vox bozkatu duen gehiengoa baliabide ekonomiko altuko jendea dela. Erratea feminismoak ez diela langilegoaren aldarrikapenei mesederik egiten, hori seinalatuz eskuinaren igoeraren erantzule bezala, kaltegarria eta egiari muzin egitea da, feminismoa zerbait bada, transbertsala delako eta ezerk ez bezala jartzen duelako zalantzan egungo lan eredua emantzipazioaren bidean.

Fake news baten antzerako akusazio bat iruditzen zait, jaurti eta egia bihurtzearen zurrunbilo batean sartzen dena. Izan ere, eskuin muturra elikatzen dituzte halakoek, fake news delakoek, egi erdiekin, diskurtso misogino, xenofobo eta arrazistekin. Edozein diskriminazio bezala, ezertan oinarritzen ez diren argudioez babesturik. Ongi legoke borroka ezberdinen artean harriak bota baino, autokritika egitea eta VOX bezalako alderdien gorakada eragiten duten faktoreak aztertzea. Horretan, erranen nuke, Espainiako hedabideek ardura handia dutela, arrazismoa zabaltzen duten sasi-diskurtsoak sortzen eta VOXen muturreko izaera mozorratzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!