Gaurkoan zinemaz hitz eginen dizuet apur bat, nire jakintza eskasetik. Aurtengo Canneseko zinema festibalean egon nintzen, izena eman bainuen gazteentzat lehenbiziko aldiz antolatu zuten programa batean eta, nire zorionik handienerako, hautatu egin ninduten. Hortaz, hiru egunez zinemaz blaitu nintzen. Luze hitz egin nezake egun horiez, ezagututako jendeaz eta bizitako guztiaz, orokorrean. Hala ez dirudien arren, zin dagizuet nekearen nekez amaitzen nuela eguna hainbat pelikula bata bestearen atzean ikusi ostean. Goizeko zortzietatik gaueko hamarrak arte, gelditu gabe.
Cannesen gozatu ahal izan nituen filmak estreinatzen ari direnez gero, Iruñean ikusgai dituzuen pare bat aholkatzera nator. Hori bai, kontuan izan iritzi hau zinemaren amateur batek emanikoa dela, gero kontu eske ez etortzeko.
Pawel Pawlikowski zuzendariaren Cold War filma aipatuko nuke lehenik, Cannesen zuzendari hoberenaren saria jaso zuena. Gerra hotzean kokatzen den maitasun istorio bat da, zuri beltzean filmatutakoa. Batak bestearekin egoteko ezintasuna bizi duten errealitatearen isla da ere bai. Inon ez datoz bat. Erromantikoaz gutxi du eta krudel helarazten zaio publikoari, inork espero ez dituen gertakizunen segida batean. Nire ustez, hoberena arnasa kentzen dizun amaiera da, "hotz" uzten zaituena. Baina ez dizuet gehiago kontatuko, spoilerrik ez egitearren.
Aholkatuko nukeen beste bat Spike Lee ospetsuaren lan berria da, inork ahoskatzen ez dakien Blackkklansman hitz jokoa den izenburupean. Cannessen ikusi nuen filmeen artean emanaldiaren bitartean jendea txaloka hasi zen gutxienetakoa da. Laburki, Ku Klux Klanean infiltratzen den polizia beltz bat da istorioaren ardatz. Antzezle apartak agertzen dira pantaila aurrean. Arrazismoak oso gai labainkorra izaten jarraitu arren, barre algarak eragiten dituen filme bat da, salaketa kutsua galtzen ez duelarik, hori baita, nire irudiz, Leeren helburuetako bat.
Espero dut nik bezain beste gozatzea.