Patriciak lau urte zituen ezagutu nuenean. Zuzendu zidan lehen begirada hark barnea uzkurrarazi zidan instantean eta iltzaturik geldituko zitzaidan betirako amets gaiztoenen pasadizoetan.
Maltzurkeriaren oinazerik krudelena islatzen zuten haren orbainek. Eta nik Patrizia besarkatu besterik ez nuen nahi, zin egin hemendik aurrera dena ongi joanen zela. Bizi izan zuen infernua urrutitik begiratuko zuen oroitzapen lauso bat izanen zen.
Tematuta lortu nuen haren bizitzan txokotxo bat egitea, haren konfiantzaren duin izatea. Eta uste baino lehengo hor zegoen Patrizia, askatasunaz gozatzen. Askotan bilatu egiten ninduen nirekin tarteren bat egoteko.
Txerri bat da Patrizia. Umeak izateko errentagarri izateari utzi zionean hiltegira bidali zuten. Animalen babesleku batean bizi da orain. Patriziak maitatzen badaki; eta sufritu... gizakiok ezin dugu imaginatu zenbateraino sufritu izan duen.