Langarra erraten diogu xirimiriari gure eskualdean. Euri suabea, lasaia, indarra erakusten ez duen horietakoa, beharrezkoa ordea. Bustitzen ez duena, baino zeharo bustitzen gaituena, poliki-poliki bidea egiten duen horietakoa.
Gure herrian azken hamarkadetan eman diren borroka aunitz langarraren modukoak izan dira; isilean, suabe-suabe bidea egin dutenak. Milaka eta milaka tantek eragindako euriaren antzera, lur idor eta arrotzetan aitzinera doazenak. Oztopoak oztopo, zirrikitu berriak ireki eta aurrera egin dutenak, alegia. Langarraren moduko borrokek, ez dute egun batetik bertzera aldaketa sakonik ez garaipen handirik lortzen, ordea milaka tanta metatuaz aurrera egin eta garaipen esanguratsuak lortzen dituzte. Gurean, 36 urteko langar etengabea ezagutu dugu. Zabalza-Garate familia eta Mikel Zabalzaren aldeko herri ekimeneko lagunak izan dira etengabeko langar beharrezko eta eredugarriaren eragileak. Bidea egin dute eta bidean aurkitu dute aitortza eta horrekin batera egiaren eta justiziaren puska bat.
Langarrak ordea, jarraitu beharko du, bustitzen eta bidea eginez, puskak ez baitira nahikoak. Tantaz-tanta, langarraren indarraz espainiar estatuko zulo beltz ilunak higatuz. Bertan loratuko baitira egia, justizia eta aitortza osoa.