Gauzak gerorako uzteko joerari prokastinazio esaten diogu orain. Horixe dugu modako hitza. Prokastinazio zaleak izaten dira erakunde publikoetako ordezkariak: "Hau eta beste eginen dugu", "lege hau aldatuko dugu", "lege hura bertan behera utzi"... baina, beti, gero.
Horren adibide garbia da Nafarroan LGTBI pertsona zaharrekin gertatu dena. 2017an onartu zen LGTBI pertsonen berdintasunerako legea, eta lehentasun handiena adineko pertsonei eman zieten, tartean, genero eta sexu aniztasuna zaindutako pisuetan eta egoitzetan sartzeari. Ez da lan hori egin.
Gaurko zaharrek jazarpena eta zigorra jaso zuten gaztaroan, Frankismoaren legeen bidez, eta horrek baldintzatzen du haien bizipena. Badira armairuan gorderik bizi direnak, eta asko dira zaharren egoitzetan edo erretiratuen elkarteetan armairura itzultzen direnak. Ez baitira toki seguruak; "mikroburbuilak" dira langileen esanetan.
Egoera xamurragoa da orain lehen baino, baina aniztasunaren onarpenak badu bidea egiteko. Zahartzaroan bizi diren LGTBI pertsonek, aitzitik, ezin dute zain egon; denbora ez dute sobrante. Hobe gaur, bihar baino. Hobe aurten, geurtz baino. Bizitzaren azken sasoia ongi bizitzeko eskubidea baitute pertsona guziek.