Ez da berdin zentroa edo periferia. Ez da berdin erdigunea edo ertza. Ez da berdin egunero-egunero medioetako minutu eta lerro anitz hartzen dituen pandemia bat, edo urtean egun batez gogoan dutena. Ez da berdin liburu eta disko baten aurkezpena Donostian edo Iruñean. Ez da berdin Euskaraz edo erdaraz. Ez da berdin Lesakan edo Cascanten.
Ertzetan dagoenak zailago izaten du bere burua ikustarazteko edo bere ahotsa azaltzeko, zokoa baita ertzekoaren patua. Hala ere, tarteka hartu dezake bazterrekoak zentroa, ahotsa altxatu eta bere burua ikusarazi. Eta sortzen da magia bat, poztasun kolektibo bat askok partekatzen dutena. Behingoagatik ez baitira erdigunekoak ertzez ari.
Bertsolaritzak badu bestearen tokian jartzetik eta larruz aldatzetik. Baina erdiguneko erosotasunetik ertza urruti ikusi ohi da. Horregatik, Saioa Alkaizak jokatutako final borobilean publikoak zinez eskertu zuen argi eta kolore diferente bat. Beste molde bat ikusi genuen, beste ikuskera eta diskurtso bat, beste belaunaldi bat eta beste gorputz bat oholtza gainean.
Igandeko magiak lorratza utziko du, seguru. Zorionak, Saioa!