Zehazki noiz?

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2021ko api. 23a, 12:08

Asteon Mendigorriko eskolako bi guraso aditu ditugu parlamentuan beren herrikideen eskubideak zanpatzeko eskatuz. Kezkaturik daude; eskolan D eredua paratuta haien seme-alaben ongizatea kaltetuko delakoan. Aitzakia sorta zabala izan da: beste afera batzuetarako Garesera mugitzen direla mendigorriarrak (beraz, D ereduko ikasleak zergatik ez?), eskolan ez dutela baliabide aski (baliabide gehiago eskatu? Ez, hobe D eredurik ez paratzea), gutxiengo direla euskara nahi dutenak (nola dakite hori?)...

Aitzakiak, beldurrak estaltzeko. Euskarari beldur diotelako, D eredua mehatxua delakoan gaur egungo egoera bere horretan mantentzeko. Hala baita. Jakin baitakite D ereduak salbatu dituela zenbait eskola: San Frantzisko, Antzingoa, Sesmakoa... Eta ez ezartzeak itxi dituela beste zenbait: Mañerukoa...

Euskara arbuiatzen dutenak ez dira gehiengo, eta, beraz, D eredua ezarrita, hura bihurtu liteke urte batzuen buruan Mendigorriko eredu zabalduena, haurren ongizatea baino, erdaldunen pribilegioa kaltetuz. Pribilegioari eusteko bazterketari eustea da kontua, eta horretarako intoxikazioa baliagarria bada, aurrera. 

Baina gezurrak hankak labur. Badira inoiz erantzuterik ez dituzten galderak: Zehazki zein da urratzen zaizuen eskubidea? Zehazki noiz inposatu zaizue euskara?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!