Institutu garaian frantsesa aukeratu nuen hautazko irakasgaien artean. Urte batean Nafarroako Historia zen beste hautazkoa. Ikaskideak gogotsu zeuden, ederki hitz egiten zuten beti eskola haietaz, eta batez ere, haien irakasleaz. Beti izan nuen inbidia puntu bat: nik ere nahi nuen hori jaso, nik ere nahi nuen Bixente Serrano Izkoren eskoletan egon. Irribarre horrekin atera nahi nuen klasetik eta pasio horrekin kontatu ikasitakoak.
Irakasle handien itzala sumatzen da ikasgelatik kanpo ere, eta txangoetan eta bestelakoetan antzeman genuen berea. Bere ikasle ez izan arren, institututik kanpo, beti agurtzen zuen, eta ez zuen askorik behar solas txiki bat eskaintzeko. Beti umil, bere baitan biltzen zuen irriño horrekin. Ikasle nerabeei zaila egiten zitzaigun pentsatzea La Fuga de Segovia filmean ezagutu genuen ihesaldian parte hartu zuenik.
Batzuek lortzen dute ikasleen gogoan gelditzea. Iturramako askok jarraituko zituzten bere gogoeta mamitsuak gerora. Bereziki ederrak Berriako 'Nafar periferiatik' blogean uzten zituen pilula leherkari horiek. Esaldi bakarrean zenbat esan daitekeen... Atzo zendu zen. Iturramako ikasleek gogoan izanen zuten haren izena, txiki handi bat baitzen, irakasle handietako bat.