Ez dut Mari Domingi maite. Inoiz ez dut maitatu. Txikitan eguberri kanta batean ageri zen pertsonaia hori, Olentzero opari banatzailearen bikote bihurtu zuten gero, berdintasunaren izenean. Berehalaxe zabaldu zen han eta hemen, eta ezaugarri batzuk ere bai:
Olentzeroren zain edo hari besotik helduta agertu ohi da, bestela, Olentzerori segika (batzuetan astoaren atzetik ere). Ikazkin edadetu eta handiaren parean neskatila gazte eta liraina. Iruñeko toki askotan, goitik behera estalia, niqaba jantzi balu bezala, begiak baizik ez ditu agertzen.
Eguberriak deskristautu eta deskapitalizatu ditugulako ustearen antzera, uste dugu morez tindatu ditugula. Aurrera egin dugulakoan, ez ote gabiltzan atzeraka balioetan. Nahiz eta atzean bagenuen erantzuna: Olentzerok ez baitu genero definiturik izan beharrik. Gurea Queer-entzero zen, eta Bizarzuri bihurtu dugu. Bada, zer esanen dizuet, bikote heteronormatibo mikromatxismoz jantzia hobe legoke oparietako paperarekin batera: zakarrontzian.