Karmen eta Nabarreria karrikak elkartzen diren bidegurutzean elkartu dira J eta K agenteak. Elkarri begiratu diote betaurreko beltzen gainetik, eta buruarekin karrikan barrena jotzeko eskatu dio batak besteari. Karrika bukaeran jendea bildu da ikurrinen artean. Halako batean, neuragailua atera du K-k, eta guzien burutik borratu du poliziak hil zuen militante hura: Mikel Castillo.
Batzuek nahiko lukete neuragailua dagoeneko asmatu izan balitz. Hartara, hemerotekak ez lituzke etengabe ipurdi bistan utziko. Baina, ez da existitzen. Eta ez delako existitzen gogoratuko dira heldu den astean Txiki eta Otaegi; oraindik Erorien Haranean jarraitzen duen Francisco Francok heriotzera kondenatutako azkenak.
Hori ez dela memoria historikoa. Ez direla gauzak nahasi behar. Horretan ibili dira asteotan Maravillas gaztetxeari kaka botatzeko bazterrak nahastea hainbeste maite dutenak. Baina biktima horiek guziek badute zerbait komunean: neuragailurik balego ez genituzke haien izenak gogoratuko. Kontuz ibili beharko dugu, badakizue hemen memoria ezabatzen digutela.