La pregunta de sus ojos eleberrian Eduardo Sacherik zioen baina dela ezagutzen duen hitzik putena (sic.), lehen bazena lehertzeko balio baitu, edo izan zitekeena baina ez dena. "Maite zaitut... baina...", "Izan zitekeen... baina...", "Ez da larria, baina...".
Baina da mesfidantza gehien sortzen duen hitza. Ez dago baina duen esaldiaz fidatzerik. "Ez naiz matxista, baina", "Ez naiz homofoboa, baina". Edo euskarafoboek azken boladan modan jarri duten hau: "Ez gaude euskararen kontra, baina". Baina horren ondotik datorrenak lehertzen du aurretik egindako afirmazioa.
Ez dut ukatuko: joan den urteko txistorraren manifestazioarekin irribarrea ere marraztu zuten nire aurpegian. Oraingoan, ordea, grazia gutxi egin dit jakiteak nafar batzuek beste nafar batzuen kontra manifestazioa eginen dutela. Izan ere, bada aldea; Gobernuaren kontra egitetik euskaldunen kontra egitera pasa dira, jendearen kontra. Erromesaldi euskarofoboak, euskaldunak baztertzearen aldeko martxa laranjak... Hamaika ikusi genituen, eta hamabi ere ikusiko ditugula dirudi. Berdintasuna nahi dutela diote, baina...