Armairua

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2017ko urr. 13a, 13:13

Dirudienez, Katalunian oraingoz errepublika independente bakarra norberaren etxekoa da. Nik badut bat, eta aurrekoan armairu bat erostera joan nintzen. Ikeara ez, Emauseko Trapuketariengana baizik. Estua da, baina nire logelan primeran egokitu da. Zulo bat du atzealdean, baina tira, prezioan ere zuloa eragin duenez, gaitz erdi.

Egia esan, armairuak beharrezkoak ditugu. Narniara bidaiatzeko ez ezik, jantziak txukun eta zimurtu gabe zintzilikatzeko balio digute. Edo oroitzapenez pilatutako kutxak gordetzeko. Jostailuak, sukaldeko tresnak, garbitzekoak, behar ez ditugun gauzak... dena sartu liteke armairu batean. Baita beldurrak ere.

Asteazkenean armairutik ateratzeko eguna izan zen. Pasa da, baina edozein egun ona izan liteke beldurrak tiraderan gorde, eta konplexurik gabe armairuaren ateak parez-pare irekitzeko. Atearen bestaldean ez dago Narnia, egunerokoa baizik, eta norbera den modukoa agertzeko aukera zoragarria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!