Patronalak eta gobernuak absentismoaren aurkako gurutzada betean daude. Baina zer
da absentismoa? Hiztegiaren arabera, obligazio bati borondatez uko egitea da. Hau da,
hitz horrekin aditzera ematen ari dira langileak ez direla lanera joaten beren
erabakimenez, eta ez lanak gaixotzen dituelako.
Oro har, “absentismo”-indizeak lan egin gabeko orduen eta itundutako lanorduen
arteko erlazioari erantzuten dio. Randstad egindako azterketaren arabera, 2024an tasa
hori %7,2koa izan zen Nafarroan. Ikerketa horren datuen arabera, 4 hutsegitetatik 3
gaixotasun arruntagatiko aldi baterako ezintasun-prozesuen ondorio dira, hau da,
klinikoki justifikatutako baja medikoen ondorio. Gainerako zatian, langileen grebak,
ordu sindikalak, lan-istripuak eta lanbide-gaixotasunak, baimenak, lizentziak eta
oporrak sartuko lirateke, eta beraz, ez dago justifikatu gabeko egoerarik.
Absentismoa aipatzerakoan, patronalek enpresen lehiakortasuna baldintzatzen duten
“indize kezkagarriak eta hazkunde-joera nabarmenak”aipatuz, errua langileen
gehiegikerien eta medikuen permisibitateari egozten diete. Errealitatetik oso urrun. Aldi
baterako ezintasun prozesuen estatistiken arabera, baja medikoetan ematen den
iruzura %4koa baino ez da. Aitzitik, gaixotasun arruntagatiko bajen %45a, lan-
baldintza eskasekin zuzenean lotutako muskulo-eskeletoko nahasmenduek eta osasun
mentaleko arazoek eragindakoak dira.
Patronalek sustatu eta Gobernuek bere egin duten diskurtso honek helburu argia
dauka: lan eskubideak murriztu eta mutualitateei gero eta botere gehiago ematea.
Absentismoa langileen kriminalizaziorako amarrua bihurtu da.