Egun, oraindik ere, emakumeok bazterrean gara kontakizun ofizialean. Izan ere, nahiz eta urratsak eman diren, urtez urte eraikitako patriarkatua ezin da egun batetik bestera desegin.
Hori dela eta, indarkeria matxistaren biktima izan diren eta bizirik dirauten emakumeei zor diegu memoria kolektiboan dagokien tokia aitortzea. Erreparaziorako ezinbesteko bidea da hau.
Memoria kolektiboa sortzen ari garen bitartean, emakumeok biolentzia sistemikoa pairatzen jarraitzen dugu egunero. Horregatik, ezinbestekoa da gure ahotsak entzun eta hauei sinisgarritasuna ematea. Beharrezkoa da egia, justizia eta erreparazioaren bidean urratsak egiteko. Gertatutakoa errepikatu ez dadin egia azaleratzea funtsezkoa da, modu ezberdinetan.
Izan ere, badakigu emakume* izate hutsagatik erasotzen gaituztela, batzuetan muturreraino gainera, eta kolektiboa da honi erantzuteko daukagun tresnarik garrantzitsuena; badakigu elkarrekin beldurrari aurre egingo diogula eta oraindik borroka asko egiteko dagoela.
Esan beharrik ez dago lan mundutik ere badagoela zeresana afera honetan. Sindikatua tresna indibidual eta kolektiboa da lan aferei dagokienez, noski, baina ez horretarako bakarrik.
Sindikatuak kolektiboki antolatzeko espazioak eskaintzen dizkigu emakumeoi. Eta emakumeok badakigu, inork baino hobe, ze indartsua den kolektiboaren indarra. Horregatik, azaroaren 25 honetan ere, sindikalismo feministatik indarkeria matxistei aurre egiteko hautua berretsiko dugu.