Gustatuko litzaidake jakitea nora doazen kaletik ikusten ditudan pertsonak, zein den euren istorioa, zer izango duten bazkaltzeko edo nora doazen presaka. Juan Tallonek idatzi zuen behin bidegabekeria iruditzen zitzaiola ezagutza hori besteoi galaraztea. Ideia horrekin bat nator. Euren bizitzako unetxo bat bakarrik ikustera gonbidatzen gaituzte, eta horren ondotik, desagertu egiten dira. Ikusten ditugun pertsonak, gehienak ezezagunak, amaierarik gabeko istorioak bihurtzen dira eta horrek nolabaiteko amorrua ematen du. Zenbat istorio galtzen ditugu egunero?
Egia da ere, istorio horiek guztiak ezagutuko bagenitu, laster aspertuko ginatekeela. Horretarako badugu fikzioa. Izan ere, zenbatetan imajinatu dugu autobusean edo metroan goazela ondoan eseri denaren bizitza? Edo kristaletik ikusi dugun bikotearena? Istorio ezinezkoak sortzen ditugu; luzeak, oso motzak,... une horretan pentsatzeko duzun denboraren araberakoak.
Orain metroan noala, aurrean eseri den emakumearen bizitza imajinatzen ari naiz. Ni ere besteon istorio amaigabea izango ote naiz?