Duela pare bat hilabete Rafa Cabeleira kazetariaren artikulu batean irakurri nuen gurasoek arrakasta izan duten ogibide bera aukeratzea hondamendirako apustu bikaina dela. Esaldi horri bueltaka igaro nuen pare bat egun. Guztioi gerta dakiguke, eta jakina, alderaketak gorrotagarriak dira. Hori irakurri eta berehala, Marie Joliot Curie gogoratu nuen. Oso zaila behar du izan bi Nobel saridunen alaba izatea, areago familia hori Curietarrak baldin badira. Izan ere, kasu honetan, ezin da ukatu zientziaren munduan mito bat dela Madame Curie, baina ezin da ukatu bere alabak ere gauza izugarriak egin zituela; berak, esterako, Kimikako Nobel saria irabazi zuen 1935ean, erradioaktibitate artifiziala aurkitzeagatik.
Egia da Curie abizena aipatzen den bakoitzean, Marie datorkigula burura. Ez dugu nahita egiten, biak izan direlako zientzian eredu. Ildo honi jarraiki, Cabeleira kazetariak artikulu hartan esandako beste esaldi bat gogoratu dut: agian garai hartan mundu guztia ziur zegoen Irèneren porrotaz, bere amak egin zuena oso zaila baitzen gainditzea, baina horrek, azken batean, ez al du kontrako efektua eragiten? Akaso jendeak ez zuen Irènerengan sinisten eta horregatik, litekeena zena gertatu zen: arrakasta izan zuen.