Liburuen superheroiak

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Razkin 2019ko api. 8a, 16:23

Aurrekoan kontatu nuen liburu-saltzailea izan nahi nuela txikitatik. Orain lan horretan nabilela egoera kurioso franko bizi izan ditut hasi naizenetik. Liburuaren Nazioarteko Eguna gertu dugula, nire lankideei eta neuri gertatu zaizkigun bitxikeria batzuk partekatu nahi nituen, uste dudalako esperimentu soziologiko bikaina dela erosleen portaera behatzea saltzaileon ikuspuntutik.

Duela gutxi, adibidez, gizon bat etorri zitzaidan liburu baten eske. “Eleberri historikoa da”, esan zidan. Eta hori izan zen azaldu zidan guztia. Nik galdetu egin nion ea autorearen izena gogoratzen zuen, eta ezetz erantzun zidan baina “betseller bat” zela gaineratu zuen, aspaldi argitaratutakoa. Nire lankideei laguntza eskatu baino lehen, beste galdera bat egin nion: “Zer kontatzen du istorioak?”. Bere azalpena hauxe izan zen: “Europan dago kokatuta, XX. mendean gertatzen dela uste dut, eta familia txiro eta aberats baten arteko istorioa kontatzen du”. Azkenean, lankideon artean, Ken Folleten La caída de los gigantes zela asmatu genuen. Grazia egiten dit erosleek uste dutelako liburuen superheroiak garela.

Baina hori ez da gerta dakiguken okerrena. Nire lankide batek kontatu zidan behin bezero batek Bram Stoker idazlearen Drácula liburua eskatu ziola, edizio irudiztatu bat nahi zuela, eta eskatutakoa eskura eman zionean, ahots arraro bat jarriz eta begietara begiratuz, esan ziola: “Eskerrik asko, orain letaginak zorroztea besterik ez zait gelditzen”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!