Txikitan, liburu-saltzailea izan nahi nuen. Gogoratzen dut etxean, nire logelan, kutxa-erregistratzaile bat jartzen nuela mahai gainean eta nire irudizko lagunei gomendatzen eta saltzen nizkiela apaletako liburuak. Batzuetan amari eskatzen nion liburu bat erosteko. Gehienetan etortzen zen “dendara”, liburuei buruz jarduteko aitzakia besterik ez zen bai harentzat eta bai niretzat.
Handitan ere izan dut liburu-saltzailea izateko grina. Ez dut uste ogibide honi buruzko ideia erromantiko bat sortu dudanik, badakidalako liburuak gomendatzeaz gain, lan logistiko handia dagoela horren atzean. Bada, berriki hasi naiz nire ametsa egia bihurtzen, liburu denda batean lanean dihardut eta gertatu zaizkit jada bitxikeria batzuk. Besteak beste, liburuak erostera etortzen direnengandik asko ikas daitekeela konturatu naiz, hartu-eman motz horretan ezagutza asko kabitzen dela, alegia.
Duela pare bat egun neska bat etorri zitzaidan Feminismoari buruzko liburu baten bila. Zorionez, dendan geneukan. Dena dela, zintzotasunez esan nion ez nuela ezagutzen baina gustura irakurriko nukeela, interesgarria zirudielako zinez. Hori esan ondoren, hamar minutu eman genituen solasean, eta esan zizkidan izenburu batzuk apuntatu nituen. Eskerrak eman zizkidan irribarre batez, eta harrituta utzi ninduen, norbaitek eskerrak eman behar bazituen, hori neu nintzelako.
Egoera horrek txikitan nuen logelara eraman ninduen, amak eta biok liburuez hitz egiten genuen espaziora, liburuen usaina eta kutxa-erregistratzaileak egiten zuen soinua gogoratzera, poztasunak eta maitasunak biltzen ninduten horretara.