Egunotan ‘La dependienta’ irakurri dut, Sayaka Murataren eleberria. Jatorriz japonieraz idatzita dago baina Marina Bornasek itzuli du gaztelaniara Duomo Ediciones argitaletxerako. Liburuaren azalean idazlearen izena baino ez da agertzen eta horrek hausnartzeko parada eman dit. Jakina da itzultzaileek egiten duten lana garrantzitsua dela, horiei esker ezagutzen ez dugun hizkuntzan idatzita dagoen liburua irakurgai dugulako, adibidez. Haiei esker, autore errusiarrak irakurri ditugula esan dezakegu, baita ingelesak, frantsesak eta txinatarrak ere. Tamalez, liburu bat amaitzen dugunean, nekez gogoratzen dugu haien izena. Ikusezinak dira.
Duela bi urte elkarrizketatu nituen Maialen Marin Lacarta, Xabier Olarra eta Gerardo Markuleta itzultzaileak. Erreportaje horretan, euren lanaz mintzatu ginen. Hirurek adierazi zuten oreka bat bilatu behar dela liburu bat itzultzean, hau da, testu orijinalari fideltasuna zor zaiola baina itzultzailearen ekarpena ere garrantzitsua dela, narrazioa ulergarri egite aldera, alegia. Izan ere, zubi lan horretan, itzultzaileek nolabaiteko aztarna uzten dute. Olarrak argi esan zuen: “Itzultzailea idazle bat da berea den testu bat idazten duen neurrian, baina sormena mugatua du”.
Laburbilduz, irakurleak garen aldetik, badugu itzultzaileen lan hori ikusgai egiteko aukera. Jatorriz atzerriko hizkuntzan idatzita dagoen liburu bat erosten dugunean edo liburutegitik hartzen dugunean, autorearen izena irakurtzeaz gain, itzultzailearena bilatzea besterik ez dugu egin behar.
Ez dezagun itzultzaileen lana itzalpean gorde.