Maggie O’Farrell idazlearen liburu baten itzulpena iritsi zaigu berriki Libros del Asteroide argitaletxearen bidez. “Sigo aquí” liburu autobiografikoa da; bertan O’Farrellek berak hiltzeko zorian egon deneko momentu mordoa kontatzen digu, horretarako kapitulu laburrak baliatuz. Hamazazpi dira guztira, hamazazpi aldiz heriotzatik hurbil.
Gure existentziaren hauskortasuna erakusten digu idazleak kontakizun bilduma honen bitartez, oso modu gordinean gainera. Liburuak bere bizitzako istant batzuk agertzen ditu eta horiek gertutik ezagutzeko aukera du irakurleak, baita memorian galdutako oroitzapenak gogoratzeko ere.
Ildo horri jarraiki, Irati Jimenez idazleak behin esan zizkidan hitzak burura etorri zaizkit: “Ez da hain ohikoa norbere mina kontatzean denok biltzen gaituen gizatasun bat ekartzea”. O’Farrellek lortu egin duela uste dut. Eta ez hori bakarrik: literatura sendagarria izan daitekeela erakutsi digu ere, bai idazlearentzat bai irakurlearentzat.