Gaur Samanta Villarren programaren saio bat ikusi dut. Bertan, emakume bat agertzen da bere buruarekin ezkontzeko asmoa duena. Bideoa gelditu behar izan dut, erabat txundituta. Protagonista, Nerea izeneko neska bat, Bilborocken ezkondu, eraztuna jarri eta ozenki esan du bere burua zaintzeko eta errespetatzeko konpromisoa hartu duela eta ez duela asmorik printze urdinari itxaroteko, benetako maitasuna bera delako.
Kuriositatez Interneten sartu naiz eta segituan ikusi dut mundu mailan hori bera egiten duten pertsonak badirela, gehienak emakumeak, eta nor bere buruarekin ezkontzeari izena jarri diotela jada: Sologamia. Ez hori bakarrik! Badira norberarekin ezkondu aurreko ikastaroak eta agentzia “automatrimonialak”!
Aldaretik pasa direnek diote erokeria puntu bat behar dela hori egiteko. Niri ideia bitxi samarra iruditzen zait, eta ez nuke ezkontza bat egingo nire burua maitatzen eta errespetatzen hasteko. Bada oinarrian dagoen ideia gustuko dut geure burua maitatzearen aldarri gisa ulertzen dudalako. Saio horretan esan den moduan: pertsona osoak gara eta ez gara inoren saihets-hezur.