Amaren gauza asko gordetzen ditut oraindik etxean. Urteetan zehar mila gauza oparitu zizkidan: liburu anitz, erloju bat, kamera bat, liburu elektroniko bat... azken hau maite dut bereziki. Orain dela hamar urte oparitu zidan eta nik berriro itzuli egin nion opari gisa.
Minbizia zeukala diagnostikatu ziotenetik, ohean igarotzen zuen ia egun osoa. Irratia entzuteaz gain, irakurri egin nahi zuen: “Gehiago ezin dudan arte”, zioen irribarrez. Bere ahultasuna nabaria zen eta bere eskuek ezin zuten libururik eutsi. Horregatik eman nion nik niri aurretik oparitu zidan e-booka.
Beste gauza askoren artean, irakurzaletasuna izan da gehien batu gaituena eta biok partekatu dugun objektua delako e-booka ez nuke inoiz izorratzea nahi. Bada aurreko astean liburu elektronikoaren zorroa hautsi zitzaidan. Nik ez nuen aldatu nahi, inondik inora, eta ezin nuen beste bat erosi, nire ama zakarrontzira botatzea bezala izango zelako. Ama behin galdu nuen eta ez nuen berriz hori gertatzerik nahi.
Egia da sinbolismoz betetako objektua nuela eskuan, hainbatetan nire amak ukitu zuen funda zen. Baina ulertu nuen elkarri genion maitasun hori ezin zela inoiz desegin, are gutxiago objektu bat botatzeagatik.
Funda berriaz jantzi dut e-booka eta Warlock irakurtzen hasi naiz. Ez dut minik. Eta ez zara joan.