Psikologoarenera joan aurretik nik beldurra nion psikologoari. Ez soilik psikologoari, baita filmetan agertu ohi den dibanari ere. “Ni hara ez noa sufritzera!”, esan nuen behin. Eta ez al nengoen jada sufritzen?
Hara joan nintzenean ez nuen dibanik topatu eta aurrean nuen espezialista ez zen ogro bat. Alabaina, oraindik galdera bat nuen buruan bueltaka: Zergatik ez naiz gai ni neu bakarrik guzti honi irtenbidea aurkitzeko? Zergatik joan behar dut nik psikologoarenera?
Edozein arrazoi edo motibo egon daiteke sufrimendu baten atzean eta guztiak dira garrantzitsuak. Agian hori da arazo nagusietako bat: guk gutxietsi egiten dugula pairatzen ari garena, zehazki sentimenduez eta emozioez ari garenean. “Ez da hainbesterako izango!” edo “niri gertatzen zaidana ez da psikologoarenera joateko modukoa”, errepikatzen dugu maiz. “Horrek ez dizu galarazten eguneroko gauzak egitea”, esaten dizute ingurukoek.
Hankan dudan zauri batek ibiltzea galarazten didala erraz ikusten dugu baina emozioek gainezka egiten dutenean ez. Bada, hankako zauri hori bezain sakonak izaten dira barrukoak eta min handia ematen dute, baina ez daude begi-bistan eta jakina denez, ikusten ez duguna oso zaila egiten zaigu sinestea.
Hanka apurtuz gero, espezialista batengana joango nintzateke. Zergatik ez dut berdina egingo emozioak kudeatzeko gai ez naizenean?