Ezin da heriotzaz hitz egin

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Razkin 2018ko abe. 17a, 17:22

Asteon heriotzari buruz irakurri dut elkarrizketa batean, Berrian. Laura Calvok, Goizargi elkarteko pedagogoak, heriotzari buruzko tailerra eman zien hiru urteko haurrei Katakrak liburu dendan, Iruñean. Calvok, besteak beste, gogoratzen digu elkarrizketan gizarteko tabu handienetako bat dela eta saiatu behar dugula hura normalizatzen. Erabat ados nago planteatzen duen iritziarekin, izan ere, pentsatzen dut ezin dugula heriotza ezkutatu, horretaz gehiago hitz egin beharko genukeela baita helduen artean ere.

Orain dela urtebete hil zen nire ama. Sufritu dudan heriotzarik mingarriena izan da, ezbairik gabe. Onartu dut aspaldi saihestu ezin den bizitzaren zati bat dela heriotza, baina era berean pentsatzen dut mina arintzeko beharrezkoa dugula askatasunez hitz egitea. Baina agerikoa da, oraindik ere, heriotzak traba egiten digula.

Alegia, badirudi jada ez dugula horri buruz hitz egiteko aukerarik, aginte batez isilarazi bagintuzte bezala. Badirudi, heriotzaz ari garenean dena barruan eraman behar dugula; sufritzen duenak irentsi dezala guztia. Ezin da heriotzaz hitz egin, ezin dugu sentitzen dugun mina transmititu, ezin dugu negarrik egin jendearen aurrean. Zergatik dago halako isilunea heriotzaren inguruan?

Philippe Ariès historialariak idatzi zuen behin: “pertsona bat falta zaizu eta mundua hutsik ikusten duzu baina jada ez duzu eskubiderik hori ozenki esateko”. Zergatik da ezinezkoa hain hurbil dugunaz hitz egitea?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!