Gustatu ala ez

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Razkin 2018ko aza. 19a, 18:12

Gogoratzen dut unibertsitateko bigarren urtean, Kazetaritzako Graduan, ez nuela asmorik zientzia arloan murgiltzeko, nik literatur-kazetaritzan trebatu nahi nuen. Bada, orain dela hiru urte hasi nintzen emakume zientzialariei buruzko artikuluak idazten Zientzia Kaiera blogean eta oso pozik nago eman zidaten aukeragatik asko ikasten ari naizelako.

Alde batetik, zientzia arrotza iruditu izan zait beti; nire ulermenetik at zegoen ezagutza eta inoiz ulertuko nuen mundua zela pentsatzen nuen. Orain, zientzia hizpide duen artikulu bat irakurtzea, gustuko dudan poema bat aurkitzea bezain zoragarria da. Eta hori lortu dut, hein handi batean, zientziaren dibulgazioan lan egiten duten profesionalen lan bikainagatik. Benetan, zenbat zor diegun egunero zientzia hurbiltzen diguten horiei.

Bestetik, emakume zientzialarien aurkikuntzak irakurtzean eta horiei buruz idaztean, ulertu dut zer garrantzitsua den euren lana zein izan den azaltzea, modu batean edo bestean, zientzia arlo ezberdinetan emakumeek sufritu izan duten patua aldatzen ari garelako. Niretzat bereziki pozgarria da gizonez beteta dagoen zerrenda horretan eskua sartzea eta emakumeen izenak errotuladore batez gehitzen joatea, letra larriz gainera. Gustatu ala ez, emakumeak protagonistak izan direlako; historiatik ezabatu izanak ez duelako esan nahi existitu ez direnik.

Nire lana maite dut bereziki horregatik, arrotza zena orain are gustagarriagoa delako eta txikitatik jaso dudana zalantzan jarri, eta irauli egin dudalako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!