Izan ere, ohartu gabe, adierazten ari gara heriotza edo eriondo egotea huts egiteko, errenditzeko edo galtzeko moduak direla. Hau da, gaixoari exijitzen ari gatzaizkio bere eskuetan dagoela hobera egiteko aukera. Jakin badakit sostengua emateko esaldiak direla eta nik ere erabili izan ditudala noizbait: “Ondo egon behar duzu”, “ez izan pentsamendu negatiborik”, “ez negarrik egin”. Horrekin guztiarekin, baina, nahi gabe esaten ari gara jarrera positiboa beharrezkoa dela gaixotasunari aurre egiteko eta ahantzi egiten dugu, amorrua eta tristezia sentitzea, esaterako, aski arrunta dela egokitze-prozesu horren baitan.
Gerra-metaforak pazientearengan izan dezakeen ondorioen inguruan hausnartu zuen Susan Sontag idazleak. Horien artean, azpimarratu zuen gaixoaren gorputza zelai beteko bataila gisa ulertzeko arriskua zegoela; gaixoa bere etsai propioa bihurtzen da, bere gorputzaren aurka egin behar duelako, alegia. Ildo horri jarraiki, pazienteak erabakitzeko ahalmenik ez zuela iritzi zion Ann Mongoven filosofoak, hau da, gaixoak autonomia galtzen duela ezinbestean eta horregatik, frustrazioa eta tristezia azaleratzen direla.
Laburbilduz, gerra-metafora hauek erabilita, minbizia duten ingurukoen egokitze-prozesu fisiko eta psikologikoetan oztopa dezakegula deritzot. Nire amak bere eskuetan zegoen guztia egin zuen baina zendu zen. Hortaz, galtzailea da? Zilegia al da pentsatzea gaixo bat minbiziak jota hil egiten denean “gerra galdu” duela esatea?