Duela bi aste, nire psikologoak esan zidan hiru pentsamendu mota zeudela: negatiboa, baikorra eta positiboa. Lehenengo biak irrealak zirela adierazi zuen: biek ala biek frustrazioa eta tristura eragiten dutelako. Pentsamendu positiboa omen da erreala den bakarra, egoera jakin batean irtenbidea bilatzea helburu duelako, alegia.
Orduantxe, Sare Sozialetan ikusi ohi ditugun motibazio mezuez gogoratu nintzen: “Hori lortzeko aski da nahi izatea”, “Zure eguna tristea izaki, alda ezazu, zure esku dago eta”. Motibazio esaldien mundu eskuraezin horretan murgilduz, esaterako, niri, akaso, hegan egitea gustatuko litzaidake, baina ezin dut; nire ama mundu honetara itzultzea nahiko nuke, baina ezin dut.
Litekeena da hasiera-hasieratik aipatu berri ditudan egoera horiek ezinezkotzat jotzea, bere horretan baitira eskuragaitzak. Alabaina, gure egunerokotasunaren ispiluak ere egoera mordoa erakusten digu; eta horietan ere, motibazio esaldiek ez dute sobera laguntzen. Esaiozu triste dagoen lagun bati egun polita dela barre egiteko, edo mundua gainera jauzi zaion horri ohetik altxatzen ez bada berak nahi ez duelako dela; eta gaixotasun larri bat duen horri dena ondo aterako dela.
Zer mezu ari gara helarazten?
Alde batetik, egoera zail baten aurrean, ondoezik dagoenak bi oztopo gainditu behar ditu: egoerak zuzenean dakarren larridura eta ingurukoek esaldi baikor horiekin eragiten dioten erruduntasuna. Bestalde, badirudi zoriontasuna denok bilatu behar dugun paradisua dela, uneoro, gelditu gabe, eta gauzatzen ditugun zeregin guztietan.
Esaldi horiek animatu baino kontrakoa sortzen duten susmoa dut. Susmoa eta ebidentzia.