Bere aurpegia zeharkatzen duten malkoak potoloak dira, pisutsuak. Hipnotikoa da marrazten duten bidea. Begiak bustirik, ni nago negarren begirale gaur. Aske uzten ditu, minez. Edo ez. Ez dakigu. Berak ere ezin baitu adierazi gertatzen zaiona. Halere, ez nau lasaitzen negarrez ikusteak eta horregatik estutu egiten dut bere eskua; nire behatzekin estaltzen dut berea, babesten dut, indarrez baina bera mindu gabe. Ahul dagoelako, itzaltzear. Badakit. Baita berak ere.
Bere aurpegian ikusten ditudan negar-malkoak memoria gordetzen duten zakuak direla imajinatzen dut. Zorro gardenak. Mingarriak. Malenkoniatsuak. Beharrezkoak. Berarentzat edo niretzat? Akaso biontzat. Iragana dago bilduta kristalezko tanta horietan eta ezin ditut oparitu dizkidan oroitzapenak hartu; poltsikoan gorde nahi nituzke, betiko, baina ezinezkoa da, malkoak ukitu bezain laster nire behatzetan desegiten direlako. Eskuak heze, bihotza harri. Horrelakoa izaten da oroimena, hauskorra.