Euskal Herriko Unibertsitateko “NIK” ikerketa-taldeak euskararen “markaz” hitz egiteko elkartu gintuen atzo. Produktu, zerbitzu are hizkuntza batek buruan eragiten dizkizun irudien multzoa da marka eta euskararena zein den aztertu dute ulertzeko, besteak beste, zein pizgarri ditugun hizkuntza-hautua egiten dugunean. Zergatik aukeratzen dugun euskara, edo zehatzago, zergatik ez dugun aukeratzen.
Ikerketa burutsua da —bilatu hor nonbait eta topatuko duzue—. Nik han entzundako bat, bakarra, ekarriko dut hona, hauxe: gero eta gutxiago lotzen dugu euskara gure nortasunarekin.
Dugun zerbait da euskara, ez garen zerbait. Beraz, erabiltzea edo ez erabiltzea erabakitzen dugun zerbait da, bereziki gazteen artean, baina ez bakarrik adin-tarte horretan.
Euskara salbatu beharrak eragin zuen epika gainditzen ari garela ematen du. Salbatu behar ez bada, zein beste amets sortzeko gai izango gara? Beharko, identitate likidoen garai honetan atxikimendua piztuko duen zer edo zer beharko baitugu ez gora-ez behera ari den erabilera-maila, malkoak euritan bezala, galdu ez dadin.