Gerrako haurrak

Erabiltzailearen aurpegia Pili Kaltzada 2022ko api. 27a, 11:54

90 urtetik gorakoak dira Gernikako bonbardaketa bizi izan zuten azken lekukoak, eta urte gutxi barru ez dugu aukerarik izango zuzenean beren hitzik entzuteko. Atzo neuk aukera hori izan nuen.  
Adinekoak dira, baina bizi izandakoa kontatzen hasten direnean, orduko haurra da hitz egiten duena, eta haurrek baino ezagutzen ez duten hizkuntza horretan mintzo dira. Kruxita Etxabe Garrok zazpi urte zituen apirilaren 26 hartan, eta olgetan zebilen. Zulo baten gorde behar izan zuen, eta zerua zeharkatu zuen lehen hegazkinari alkauete deitu ziotela gogoratzen du. Amak esan ziola poltsikoan etxeko giltza gorde zuela, baina etxerik ez zela zutik geratzen biharamunean. Gaur horretan arraultza frijituak eman zizkiotela aterpean hartu zuten baserrikoek, afaltzeko.  
Lana dela eta, gerraren ankerkeria sufritu duten haurrekin hitz egitea tokatu izan zait maiz. Siria, Afganistan, Yemen, Kolonbia… Eta ohartu naiz gerrako haurrek hizkuntza bera erabiltzen dute nonahi, garai batekoek eta gaurkoek berdin. Gerraren aurrean, denok gara zulopetik mundua ikusi eta ulertzen ez dugun haurrak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!