Sarraskia

Erabiltzailearen aurpegia Pili Kaltzada 2022ko api. 6a, 13:56

Sarraskia  izan da: hortaz ez dago zalantza-izpirik. Eskuak bizkarrean lotuta zituzten pertsonen gorpuak lurperatzen ikusi dugu. Izen-deiturak zituzten, lagun eta senitartekoek esan dute, kamerari begira. Kontakizuna sinesgarria dela diote bertara joandako kazetariek, eztarriko korapiloa askatu ezinda. 
Bucha hiriko bideo bat bidali didate gerra hasi orduko handik ihes egin duten ukrainar batzuek. Donostian bizi dira orain, edo bertan irauten saiatzen ari dira. Bideo komertziala da, eta beraz, Bucha hiria den baino ederrago agertzen da: zelaigune zabalak, olgetarako tokiak, kontzertuak egiteko orube zabal bat eta guzti. Hilotzez jositako kale hori—famatu egin zaiguna—, bizikletaz pasatzen ari da ume bat, irribarre eginez. Donostian errefuxiatu den ume hori. 
Gure begiek zer ikusten duten zalantzan jartzea ohitura osasungarria da, oka egin arte derrigorrez elikatzen gaituen errealitate-makina gupidagabea delako. Zalantzaren aurrean, zer egin? Bilatu iturri fidagarriak. Entzun bertan daudenek zer dioten. 
Sarraskia izan da. Norainokoa? ez dakigu. Horrek, ordea, gutxi axola dio bizikleta, kalea eta irribarrea galdu dituen ume horri. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!