Zorrak

Erabiltzailearen aurpegia Pili Kaltzada 2022ko urt. 19a, 13:01

Autoa gaizki aparkatuta utzi dudalako isuna jarri didate herrian. Bigarren ilaran, aizue, leku baten sartu-irten bizkorra izango zena luzatu zaidalako. Traba egiten ez bazuen ere, antza, udaltzain zorrotza tokatu zait. Orain negoziatu egin behar dut zorra eta pentsatu dut udalari esango diodala prest nagoela ordaintzeko, baina baldintza bat jarrita: isuna jarri didan udaltzainak berak autoa hamabostean behin garbitu beharko dit, barrutik eta kanpotik. 
Absurdoa, ez da? Lege-hauslea neu izanda, berez dagokidana noiz eta nola ordaindu negozia nezake baina baldintzak neuk jarrita?  Eta halako baldintzak, gainera?
Telefonica-k horixe bera egin berri du. 30 finantza-erakundeekin 5.500 milioi euroko zorra du aspalditik eta guztiak elkartu ditu nola eta noiz egingo duen negoziatzeko. Bi konpromisoren gainean oinarritu dute negoziazioa: Telefonica-k emakume gehiago sartzea erdi eta goi-mailako ardura-postuetan bata, eta bere jarduerak ingurumenari eragiten dizkion kaleak arintzeko neurriak hartzea, bigarrena.  Finantza-etxeek Telefonica-k aurkeztu dizkien baldintzak onartu dituzte, eta interes-tasa jaistea eta ordaintzeko denbora zazpi urtez luzatzea adostu dute. 
Legea denontzat berbera da, baina denok ez gara berdinak legearen aurrean. Batzuek baldintzak ipini ditzakete besteok men egitea beste biderik ez dugun bitartean. Lege-betekizunen esparrutik atera eta merke-zurrean  erabiltzeko salgai bilakatu dituzte gizon eta emakumeon arteko berdintasuna eta ingurumena. 
Nire isunaren negoziazioarekin alderatuta, maisu-lana denik ez didazue ukatuko. 
Zor guztiak ez dira berdinak, ezta zordunak eurak ere. Txirrita handiak ederki ikusi zuen: 


“Lapur txikiak kastigatzeko 
nonahi badago kartzela.
Haundiak hor ikusten ditut 
paseoan dabiltzala". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!