Ez zautugu atzenduko

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Gaztelumendi 2021ko mar. 2a, 15:29

Asteburuan ni ere zinemara joan naiz. Galdera bat neukan buruan, aspalditik. Eta apur bat gehiago argitu zaidala uste dut.

Akordatzen naiz, zelan aspaldi; ikastolan ari ginela     euskararen aldeko mural batzuk egin behar genituela patioan.

Gizon baten aurpegia marraztu genuen, eta PSOE non dago Mikel? idatzi genuen gure orduko letrarekin. Andereñoak errieta egin zigun, euskararen aldekoa egin behar genuela, soilik,  eta guk Mikel euskaraz mintzatzen zen gehitu genion gure marrazkiari, euskararen aldekoago egiteko. 

Asteburuan jakin dut, Idoia Aierbe Mikelen neskalagunaren ahotik, euskara hobetzeko bere saiakeren berri.

Ezagutze enuen Garbiñe amaren solas ederra eta argi argia entzun eta ikusi dugu pantailan, soli soli hizketan. Argi eta garbi. Gozatu dut, baina enaiz ari hizkuntzalaritzaz soilik. Ez da filolgoia. Iloben ametsak entzun ditut, eta egiaren errelatoa zeinen ongi azaldu diguten konturatu nintzen. Hantxe bertan. Egia kontatu egiten da, eta bertsio ofiziala paperetan geratzen da. Orbaizetako kutxa hura magikoa da oraindik. Basoa bezain. 

Filmea ikustera, 14 urteko mutiko batekin joan nintzen. Bizitzan inoiz ez bezala oiloipurdia sentitu omen zuen domeka arrastian besoetan, edo gorputz osoan. Eta ez zen izan torturen kontaketagatik.
Jaio zenetik ezagutzen dituen Orbaizetako irudiak eta jendea ikustean sortu omen zitzaion. Gehiago hunkitu zen antza Manolo Bizkairekin -beti agurtzen gaitu horrek- esan zidan gero. Edo Patxi artzaiaren edo fabrikako nesken irudi eta berbekin.
Kanposantuko ikurriña … eta beste hainbat pasarte.

Orbaizeta. Endarlatsa. Iruñea. Nafarroa.

Gure herriaren historian; Euskal Herriaren joan etorrian 35 urte ez da deus, gure herriak bizitako egun haien kontaketa hori - lehen eguna, bigarren eguna, hirugarrena, bosgarrena.. hamabostgarrena, 20 garren eguna…-  labur egiten zaigu une batez… baina bizitza eta heriotza ikusi ez, baina sentitzen ahal den une hoiek.. amaigabeak izan behar dute gatibu daukatenarentzat. Eta ez da poltsagatik soilik.

Istorio latz honekin, film eder bat egin dute Ahotsako lagunek, Mikelen bizitza kontatu nahi izan duten etxekoek, Aezkoako jendeak, Euskal Herriak azken finean.
Madrilen gobernuko kideak hunkitu eta berba ere egin badute, zelan ez gara ba gu ere egingo. Harro egoteko herri bat, basoak errekak historia fabrika artzainak ekonomia jendea hizkuntza daukagu. Bizi dena oraindik. 

Irati errekak eta Bidasoako urek ez dute itsaso berean bat egiten; lur eremu anitz, bizi, koloretsu  eta antzekoan dabiltza bata zein bestea. Nafarroako basoetatik dator Irati, Kantauri itsasora doa Bidasoa… gu bietan gaude Mikel, hemen jarraitzen du herri honek eta ez zaitugu inoiz ere atzenduko. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!