Ametsen eraiste neurtua

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Gaztelumendi 2021ko ots. 2a, 17:24

kantatu nahi izan dut bizitza. Kantua horrekin hasi ditut aurreko irrintziak. Imanolen doinuak, Amurizaren letra, Morauren kantuak ekarri ditut besteak beste. Heriotzari mintzo natzaio gaur ordea. Hamar egun dira gure lagun batek utzi gintuela, mendian. Agur esan gabe, betiko joan da oier. Eta hutsuneak mina dakar. Bere erabakia izan da, eta lur jota jarraitzen dugu; ezagun, lagun, etxeko eta auzokideok. Kolpea. Latza. 

kantatu nahi nuke bizitza, baina ezin dut. BI ZI TZA. hitz larriz idazten dut. Argazkiak egiten dizkiot. Doinua jartzen diot. Atzera begiratu eta aurretik daukagunaz egin ohi dugu gogoeta. Irudiak. Memoria. Gogoetak. Kolorea zuribeltz bilakatu da. Musikaren doinuak abiadura galdu du.. eta ulertzen ez dugun mezu bat hedatzen da gure baitan. Harrapatuta gauzka. 

Anariren Ametsen eraiste neurtua datorkit egunotan doinura, entzun dut, irakurri dut, pentsatzen jarri nau kantuak:

mundu mailako gerra intimo eta latz batean

beste behin zeure buruari biziraun diozunez

behingoz erabaki duzu zauden lekuan geratzea

zure ametsen eraiste neurtuari ekitea,

kantatu nahi dut bizitza idatzi dut, eta errepikatuko dut, kantatu nahi dut. Ozen,   lasai, aldarrika,   lagun,    gozo,    apal,    belarrira edo      eztarria urratu arte … kantatu nahi dut bizitza! merezi duelako. 

zuk horrenbeste denboran eta horrenbesteko afanez

gordetakoak ez duela zuk uste adina balio onartzea

ze zu beti bizi izan zara behin-behineko egoeran

aukerakoa zirudien etengabeko noraezean

Baina ez dut kantatzeko indarrik, irakurtzeko adorerik… gogora ekarri eta negar anpuluak datozkit begietatik behera.

ez zenuela nahi honaino iritsi baino beste inora ere ez

zalantzarekin etengabeko persekuzio bat zen

ihes egiten diozun eta jarraitzen duzun horren

artean zabiltza itzal arrotz baten jabe

ez zara besteek uste dutena

agian zeuk uste duzuna ere ez

Kantatuko dugu hala ere. Lagunekin, etxekoekin; lagunei, etxekoei, auzoari, gaztetxeko belaunaldi berriei, bere aitari, arrebari… kantatzeak min hau arinduko balu, sikiera. 

zure begiei begiekin eutsi eta elkarri amore ematea

elkarren ondoan, ilargiak buelta bat ematen digun bitartean

goiz gorri eta eder batean neure barrutik salto egin

eta neure buruaz beste… bat egitea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!