Kurtsoko azken saioa da jada eta gai askori buruz hitzegiteko gogoz geratu naiz. Hortaz nire zirriborro koadernotik garrantzitsuena aukeratzeko egoeran ikusi dut nire burua, baina erabakiak hartzea ez dut batere gustuko, beraz gaurkotasun handiena duenarekin geratu naiz. Hilabete honetan, Ekainaren 28an alegia, harrotasunaren eguna ospatzen da eta hilabete osoan zehar hainbat eta hainbat enpresa ikusi ditugu haien sare sozialak ortzadarrez betetzen, LGBT+ kolektiboarekiko elkartasuna erakutsiz. Keinu hau onartzeaz gain, txalotu ere egiten dugu, ordea, bai hilabete honetan, bai urte osoan zehar ortzadar-bandera harrotasunez astintzen duten horiei ez zaie berdin epaitzen, eta erantzun okerragoak jasotzen ditugu kolektibokoak izandako pertsonen izaera ospatzen dugunok. Esaterako, jakina da guztiok ezagutzen dugun Federico García Lorca idazlea homosexuala zela; hala ere, gelan aipatzerakoan bere bizitza pribatuak garrantzirik ez zuela eta ezer baino lehen artista zela jaso genuen erantzun gisa, Machadoren kasuan ordea Leonor eta Giomarrekin izandako afera guztien berri ikasi genuen. Berdintasunaren izenean, ezberdin eta beraz baztertu egiten gaituzten ezaugarriak ezabatzeari jotzen diogu, denok pertsonak baikara ezta? Egia da noski, eta Lorca homosexuala izateagatik baino antzerkigile paregabea izateagatik goraipatuko dugun arren, ez diogu ezaugarri horri ez ikusiarena egingo, bere garaian "ley de vagos y maleantes" horrek, 2005 arte Espainako ezkontza sistemak, edo gaur egun ere gure hirian bertan sarritan gertatzen diren gorroto delituen egileek egiten ez dioten bezala.