Dakizuenez, bigarren batxillergoko ikaslea naiz. Badirudi saioan parte hartu dudan guztietan esaldi horrekin hasi naizela hizketan. Baina lasai, bukatu dut dagoeneko, ez dut berriro errepikatuko. Orain soilik selektibitatea geratzen zaigu, "la guinda del pastel". Bitxia da, urte osoa daramagu kexuka, hezkuntza sistema bero jarriz; ikasketek sorrarazitako estresa dela eta ez dela, kideon artean sutatzen den lehiakortasuna, edo dena buruz ikastearen zilegitasua zalantzan jarriz. Orainarte ez dugu denborarik izan liburuetatik buruak altxa eta hau aldatuarren zerbait egiteko, eta orain, bukatu dadin besterik ez dugu nahi. Lan-mundura sartzen garenean, berdin egingo dugunaren susmoa dut; lana topatzeko zailtasunak, baldintza kaxkarrak edo prekarietatea kritikatzea gure kafe-ordurako mintzagai berria izanen da. Baina egon zaitezte lasai, 40 urteren buruan iritsiko zaigu erretiroa.
Hurrengo belaunaldiak kexuka hasten direnean, guk ere berdina egin behar izan genuela leporatuko diegu, hori egoeraren aldeko argudio ona izango balitz bezala. Horrela, bapatean gorroto genuenaren kalkoa bihurtuko gara, sistemaren makineria lekuan mantentzen duten torlojuetako bat.