Jakingo duzuenez, aurrekoan Oscarren sari banaketa izan zen. Ni nahiko zinemazalea naiz beraz apostu guztiak eginda nituen, eta aktore hoberenaren atalean Anthony Hopkinsek irabaziko zuela banekien. Egindako filmean, "the father" (aita), bere pertsonaiak alzheimerrarekin bizitako esperientzia kontatzen du. Nik zineman ikusteko zortea izan nuen, eta bai aktore moduan egiten duen lan apartarengaitik zein pelikularen egiturarengaitik, pelikulak ni guztiz harrapatzea lortu zuen. Zinematik ateratzerakoan, nik neuk diagnostikoa jaso izan banu bezain hunkitua, nire lagun guzti-guztiei gomendatu nien pelikula. Egia da gehiengoak ez zidala kasurik egin, azterketa gehiegi edo dirurik ez zutela bezalako aitzaki ulergarriekin. Baina ehuneko txiki batek kartela ikusi eta zuzenean pelikula erakargarria egiten ez zitzaiela esan zidaten, ezetz asmatu zergaitik? Irudian 83 urteko Anthony Hopkins eta 47 urteko Olivia Colman ditugu, biak oscar irabazleak, biak aktore bikainak, eta antza denez, 17 urteko gazteendako biak zaharregiak. Horrelaxe esan zidaten, ez zuten ez pelikularen ez aktoreen kalitatea zalantzan jartzen, besterik gabe ez zuten filma haientzako modukoa ikusten.
Telebista asmatu zenetik, ikusentzunezko artea istorioak kontatzeko iturri eraginkor eta garrantzitsuenetariko bat bihurtu da. Hasiera batean ikusleok aukera eskasak genituen, pelikulen ekoizpen erritmoa gaurkoa baino askoz motelagoa izateaz gain, hauen hedapena ere nahiko zaila zen. Ondorioz, kontakizunak ez ziren oso anitzak izaten, amodioa edo mendekua bezalako gai unibertsalak jorratzen ziren, pertsonai oso arketipikoekin. Gaur egun ordea, pelikulak goxokiak balira bezala ekoizten dira, hamaika mota desberdin, edozein momentu eta plataformatan eskuragarri. Aukerak anitzgoak badira ere, ikusleon jokabidea ez da gehiegi aldatu, bakoitzak gizatalde konktetu baten istorioak entzuten ditu, kasu honetan haiekin ezaugarri amankomun gehien partekatzen dituen taldearenak, horiek baitira erakargarienak, bai ala bai ulertuko dituzunak.
Zoritxarrez, modu honetan zinemak duen botere nagusia xahutzen ari gara, enpatía sotzea. Pantailan ikusten duzunaren poza, mina, beldurra, ilusioa, zure baitan sentitzen dituzunean, zaila baita bera ez ulertzea.