Denbora luzez egon izan gara udaberritako oporren esperoan, orain ordea, gertatu izan ez balira bezain azkar pasa zaizkigu, eta uda etorri bitartean, berriro murgildu beharko gara errutinan, ikas edo lan giroan, denbora falta usaina duen giro itogarrian. Bi hilabete emango ditugu kexuka, egunak ordu nahiko ez dituelakoan, baina tira, izan gaitezen zintzoak, hain larri bagabiltza, zer diozue gazteok egunean pantailan igarotzen ditugun 3, 4 edo 6 orduetaz? Ez naiz etxerakolanak egiten edo lagunekin ostiraleko planak zehazten ematen ditugun orduetaz ari, ez, zentzurik gabe ezezagunen argazki eta bideoak ikusten ematen ditugunetaz ari naiz. Nora doa gure eguneko zati hori?
Galdera sobera erreza: Sare sozialak kudeatzen dituzten enpresaburuen poltsikoetara, haientzako guk aplikazio hauetan xahutzen dugun minutu bakoitza urrezkoa da. Hortaz, dohaineko diruditen zerbitzuen bitartez eta gizakiaren psikologia aztertuz, gure baitan behar berri bat sortu dute, adikzio kolektibo bat.
Normalean, errealitate hau plazaratzerakoan aldaketa drastiko eta betiereko bat espero dugu erantzun moduan, beldurgarria da eta. Hortaz, orain harte plazaratu dugun konponbide bakarra hori izan da, abstinentzia, duela urte batzuk hezkuntzak haurdunaldi goiztiarrak ekiditeko egiten zuen antzera. Eta bai, egia da, bizpahiru astez, azterketa garian edo, deskonektatua egotea erreza da; baina lehenengo edo beranduago denok sakatzen dugu instagram, twitter edo dena delakoa berrinstalatzeko tekla. Borondate falta jarri dezakegu errudun bakarra, baina aitortu beharra dago, droga honek gizarte osoa bi hamarkadatan liluratzea lortu du, eta ez dago atzera egiterik. Instagram ez bada beste sare sozial bat, eta beste hori ez bada hauek gure garunen gain eragin dituzten aldaketak gurekin geratuko dira.
Esparru bat baina gehiagotan abstinentzia konponbide kaxkarra dela frogatu du gizakiak, zein da konponbidea beraz? Nola kudeatu behar global berri hau? Hau bai galdera zaila.