Aurrekoan Harry Styles-en urtebetetzea izan zen, nor den ez dakizuenentzako Styles jauna musikari famatua da, gure belaunaldiko izarrik handienetarikoa. Ez naiz bere jarraitzaile sutsua baina gazteok familia eta lagunei urtebetetzea zoriontzeko, argazkiak igotzeko ohitura dugu eta dirudienez, Harry-k eta biok lagun asko ditugu komunean. Egia esan nahiko harritu ninduen, nire lagunek ezagutu ere egiten ez duten pertsona bati buruz igotako argazkitetan "zutaz harro nago", "mila esker eman didazun guztiarengaitik" eta horrelakoak esatea.
Betidanik abeslari edo edozein pertsona famaturen jarraitzaile handienek bere bibliografia goitik behera esateko gaitasuna izan dute, gaur egun ordea, sare sozialei esker, edo haien erruz, pertsona hauek askoz informazio gehiago eta sarriago jasotzen dute, haien idoloa benetan ezagutzen dutenaren ideia faltsua jasoz. Hala ere, honek famatua den pertsona hori lagun mailara jaitsi ordez, idealizazio maila ikaragarri altuetara darama.
Pentsa liteke horrela betetzeko zailak diren itxaropenak jartzen zaizkiela Harry Styles bezalako jainko txikiei, ordea, alderantzizko fenomenoa ikus daiteke. Gutxinaka gutxinaka, aura moduko bat sortzen da hauen inguruan, egiten duten guztia aipagarri bihurtzen duena. Gainera, edonork haien aurkako iruzkin bat esanez gero, akabo, soldadu guztiak lerratuko zaizkio haien erregeak egin dituen mirari guztiak aipatzen.
Harry Styles-ek egin dezakeen gauzarik txarrena, abesti kaxkar bat edo kontzertu aspergarri bat da. Hala ere, imaginatu gure alderdi politikoak horrela tratatuko bagenitu, beno imaginatu edo ingurura begiratu.