Berriz ere berandu eta gaizki. Europa osoa bete betean Covid 19aren deituriko bigarren olatuan murgildu da, eta Nafarroa ez da salbuespena. Martxotik hona ezer gutxi ikasi dugu, berriz ere, nerririk hartu gabe aurreikusi zitekeen eszenatoki honetara heldu gara. Eta gainera errekord guztiak betez, zer nolako meritua. Bitartean, erantzunkizunik ez asumitzea eta beste alde batera begiratzea izan da askoren heldulekua; errua nori eta gazteei. Agian oroitu behar diegu uda honetan ere Tuterako Uvesa enpresan gertatutakoa, langileen osasuna kontuan izan gabe normaltasunez lanean jarraitzea. Igual ez dira oroitzen Mendillorrikoak bezain beste oihartzun mediatiko izan ez duelako. Edo oraingoan, hezkuntzako ratioak berdin berdin jarraitzeak, honek suposatzen duenarekin. Hogeitamar ikasle klase berean ordu luzez egotea ez al da arduragabekeria? Edo gure osasun etxeetako lehen arreta zerbitzuak indartzeko baliabiderik ez jartzea? Adinekoen erresidentzien egoera utzikeria edo ardurgabekeria da? Edo agian oroitu beharra zaiena da zaintza sareetan antolatu zirela ehundaka gazte horiek agintari batzuk baino erantzunkizun handiagoa izan dutela. Azken asteetan askatasunen aldeko aldarriak izan dira. Askatasuna? Ikusi dugu Maia Alkatea berarengatik izango balitz taberna guztiak irekiak jarraituko zirela esaten. Berarengatik hori bakarrik balitz... Askatasun indibiduala guztion eskubide den osasunaren gainetik. Mendebaldeko balioak geroz eta agerian geratu dira krisi garai honetan: indibidualismoa eta elkarren arteko lehia. Egoera hau norberaren interesak lehenesteko eta neurrien aurka jotzeak interes partidistekin jokatuz ezer gutxi ikasi dugunaren seinale da, eta ezkerreko sektore batzuk egitea kezkagarria. Birusarekin elkarbizitzeko teoriak porrot egin du. Ez ekonomiarik, ezta osasunik ere. Akatsak asumitu eta norabide berri bat hartu beharra dago; eta ez, errua ez da gazteona, irabazi ekonomikoak guztion osasunaren gainetik jartzea baizik.